• HISTORIA
  • Ziur-ziurra ez da, baina teoria batzuek diotenez zeltak izan omen ziren Europa osoan barrena sagardoa zabaldu zutenak. Edari honek betidanik izan du tradizio handia Atlantikoko kostaldeko herrialdeetan, batez ere Frantzia, Ingalaterra, Belgika, Irlanda eta Alemanian. Dirudienez zeltek ekarri zuten sagardoa penintsulara, eta Asturias eta Euskal Herria dira gaur egun sagardo gehien egiten den penintsulako iparraldeko tokiak.
  • Tradizioz eutsi zaio sagardongintzari Euskal Herriko baserrietan, menderik mende ahoz irakatsi baitizkiete gurasoek seme-alabeei ohiturak, kontuak eta errefrauak.
  • «Sagardoa» liburuaren egile Jose Uria Irastorzak dio VII. mendea baino lehenagoko Euskal Herriko zenbait inskripziotan jadanik azaltzen direla sagar euskal izenean oinarri duten izen eta abizenak.
  • Gaurdaino, euskal sagastien erreferentzia egiten duen aipurik zaharrena 1014ko apirilaren 17koa da; Nafarroako Antso Andia/Sancho el Mayor euskal erregeak emaniko diploma da, Leireko Monastegiari dohaintza bat eginez eta –euskarara itzulita- honela dioena:
  • «Hernaniko lurretan, itsas-ertzean, Monastegi bat ematen eta eskaintzen dugu, San Sebastian deitua, eta bere lurrak, sagastiak, itsas-ontziak,…». Idazki honek erakusten duen bezala, garai hartan dagoeneko bazen sagardotarako sagarra inguru horietan.
  • Frantziatik zetozen erromesek Santiagora joateko erabiltzen zuten ibilbideetako batek Orreaga zeharkatzen zuen. Aymeric Picaud erromesak «Erromesaren Gidaliburua» idatzi zuen 1134. urte aldeara; bertan esaten du euskaldunek ulertu ezin den hizkuntza batean hitz egiten dutela, eta herrialde osoa baso itxi batez estalia dagoela eta mendi garaiak dituela, eta bertan ez dagoela ez ogirik ez ardorik ez beste elikagai asko eta asko, sagarrak, esnea eta sagardoa izan ezik.
  • Erdi Aroan sagardoa arautzeko hainbat arau eta ordenantza egin ziren; horrek adierazten du garai hartako kulturan zeukan garrantzia. Lege haietako baten arabera kupel bat asmo txarrez puskatzen zuena heriotzarekin zigortzera irits zitekeen.
  • XX. mendearen hasieran sagasti berriak jarri ziren, eta sagardoa baserrietan egiten zen etxerako bertarako, baina errepide berriak egin eta komunikazioak hobetu zirenean, sagardo naturala saltzen hasi zen eta handitu egin zen kontsumoa.
  • Gaur egun txotxa (alegia, uzta berriko sagardo naturala egin den sagardotegian kupeletik bertatik edatea) oso errotua dago Euskal Herrian eta urtarriletik maiatzera bitartean egiten da.

Sidras Aburuza S.L.

Goiburu auzoa 20150 - ADUNA (Gipuzkoa)

Telf: 943 692 452

Fax: 943 692 153

www.sidrasaburuza.net

E-posta: aburuza@sidrasaburuza.net